Igandea, oporrak. Lagun batek dioen moduan “kirol eguna dut nik igandea”, jarririk egon eta burmuina hustu. Niretzako bukatu dira “kirol igandeak”. Orain umeak ditugu. Eta besteen umeak sartzen baditugu gure plangintzan, hainbat hobe. Baina, nora arraio joango gara?
Donamartirira joan gara. Isturitzeko leizea, berriro ere,
bisitatzera. Berriro ere, bai, baina beti ikasten dugu gauza berriren bat:
harri batean, gainontzeko animalien artean, marraztua zen arrainaren garrantzia
(duela gutxi aurkitua), bertan puntako larru lanketarako lantegia zutela eta
nola jakin duten perlak jantzietan lotzeko erabiltzen zituztela, mila kilometroko
hedapena zuela bertako komertzioak...
Bisita ondotik, "bitxia izan behar du" esan dit
lagunak. “Bitxia izan behar du zure arbasoen aztarnarik ez edukitzea", esan
du. Gurekin etorri den lagun australiarragatik (baina ez aborigena) esan du.
Egia, ez nuen pentsatu. Australian dituzten aztarnak ez dira bere
aitona-amonen, aitona-amonen, aitona-amonen, aitona-amonen, aitona-amonen… aztarnak.
Agian Isturitzekoak dira!
5 urtetako 2 neskatilentzako, interesgarria baina apur bat
luzea. Eskerrak Otsozelaia leizean bazirela horma distiratsuak denetan.
Txunditurik zeuden! Hobe ume taldeentzako antolatzen dituzten bisitaldiak, hala
ere. Ikastolarekin joan ginen iaz eta probetxugarriagoa izan zitzaien. Baina
tira, ongi. Ongi zen Australiatik eta Estatu Batuetatik etorritako bi
lagunentzako. Ez, Estatu Batuarraren arbasoen aztarnak ez daude Isturitzen,
ekialdeko lurralde urrunen batean baizik. Nik dakidala behintzat. Ongi zen
guretzako ere. Eta txikia, titian, hortaz, beretzat ere ongi zela iruditu zait.
Haserre egin dut bisita, hala ere. Haserretu naiz azken
unean sartu den bikote batekin. Azalpena hasia zen eta ni tita emateko
gibeleratu naiz sartzen ikusi ditudanean. Mutilak, iritsi bezain pronto, besoa
luzatu eta sabaian, milaka urte handitzeko borrokan ibili den estalaktita-nini
bat errotik atera egin du! Eta hori zertarako? Oroigarri bat nahi al zuen? Ez
horixe, diskretuki bota egin du lurrera, inork ikusi ez zuelakoan, neska barrez
lehertua zen bitartean. Eskandalu bat egiteko prest nengoen, nire azken
erabakia gogora etorri zaidanean: “ekin baino lehen, pentsatu Beltzane!”.
“Azkenak etorri dira eta hasierako azalpenak ez dituzte ukan. Eta horretaz gain
ez dute burmuinik. Inkontzienteak” pentsatu dut. Hurbildu natzaie eta
lasai-lasai esan diet: “Barkatu, argi da hasierako azalpena ez duzuela entzun.
Debekatua da leizeko hormak ukitzea azalean dugun azidotasunak izorratzen ditu
eta". Bere aurpegian, harridura, ez baitzekien norbait begira zuela.
Hortik aurrera ez ditut bistatik galdu, edozein unetan eskandalu bat egiteko
prest! baina ezin. Benetan zozoak izan dira bisitaldi osoan zehar, baina ez
ditut beste ezer ukitzen ikusi,eta ezin da soilik zozokeria dela eta eskandalu
bat egin; beno, ahal da, baina orduan ez nuke besterik egingo nire bizitzan.
Eta badut gauza gehiago zerrendan. Adibidez, idatzi, titia eman, Yoseikan Budo,
titia eman, alaba handia hara eta hona eraman eta ekarri, titia eman, fardelak
aldatu, titia eman, Interneten ibili, titia eman, alabari begira egon, titia
eman, irakurri, titia eman, etxeaz okupatu, lo egin… bai! Ez dut “titia eman”
idatzi! Badakit! Lo egin behar dut ere, aizue!
Bisita ondoren, behean diren mahaietan piknikatu dugu.
Eguraldi ona, umeak jolasean, elkarrizketa interesgarriak, igande on bat. Eta
nola ez, egun honetako ekarpenik interesgarriena, umeena! Batek makil handi bat
hartu eta "ezpata“ zuela esan du, bestearekin borrokatu nahian, baina
besteak makil milimetriko bat besterik ez zuen gaixoak; orduan, mini-makiltxoa
begiratu eta "injekzioa!" oihu egin du, ezpataduna ere beldurtzeko
moduko ezten pozoitsua eraginez.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina